Bilboko Assalam meskita

miércoles, 21 de marzo de 2007
Assalam meskita zenbait gizon eta emakume musulmanek eratu dute. Assabil- Euskal Herriko Zentro Soziokultural Islamiarra izan zen bere ibilbidearen hastapena, Allah Ahalguztidunari esker 2006ko apirilean.
Assalam meskitan ondoko jarduerak burutzen dira: salat jumua (barikuko otoitza), khutba (hitzaldia) entzungai arabieraz eta gazteleraz. Salat (otoitz) guztietan zabalik dago, eta bertan Shahada (jende aurreko Islamiar Fedearen aitorpena), ezkontza, eta aqiqa (umeen jaiotza eskertzeko jaia) askotan egiten dia. Gainera, Ramadan hilabetean egunero baraualdia eteten da berton (iluntzeko askaria) eta Aid Al Adha delako Abraham Profetak egindako Sakrifizioaren Eguneko bazkaria ere egiten da.
Assalam meskitan asteburu guztietan honako ikastaroak aurkitu ditzakezu: arabiera, gaztelera, euskara, eta Quraan Sakratua irakurtzen ikastea.
Halaber, Assalam meskitan Islama ezagutzeko asmotan datozenei argibideak ematen zaizkie, esate baterako: ikerlariak, jendea oro har, gazteleraz idatzitako liburu eta esku orri islamiarrak banatzen dira eta hedabideei arreta ematen zaie.
Assalam meskitak bere gizarte alderdia ere jorratzen du. Izan ere, Euskal Herriko Ummaren aldeko denetariko ekintzak egiten dira bertatik, batik bat behartsuenen alde, gure esku dagoen oro egiten dugu eta arRahman-en (Allah Errukitsuaren) gidaritzapean.
Al hamdu lillah (alabantza oro Allah Errukitsuarengana doa), Assalam gazte honetan ere herrialde desberdinetako xekh (meskitako arduradun jakintsu) ugariren bisitak jaso ditugu.
Assalam Al Jamaa al Islamia Liljibal / Assalam Islamiar Mendi Taldea izeneko mendizale taldearen oinarria da, eta meskitatik bertatik islamiar interesa duen hainbat jarduera kultural antolatu da gure hirian.
Assalam meskitak bulegoa, telefonoa, eta web gune propioa dauka, gazteleraz eta euskaraz. Horretan Bilboko islamiar baliabideen gida osatua topatuko duzu. Era berean, Espainiar Estatuko islamiar komunitateen inguruko argibideak ematen ditu.
Assalam meskitak Euskal Herriko Islamiar Bilgune handi bat sortzeko oinarria izan gura du, Allah Ahalguztidunak hala nahi badu.
Assalam meskita mistoa, kultur anitza eta independentea da. Ez du loturarik ez alderdi erlijioso baten aldeko mugimenduekin, ezta islamiar korronte zehatzekin ere.
Assalam meskita UCIDEn (Espainiar Estatuko Islamiar Komunitateen Batasunean) erregistratuta dago eta gaur egun bere ordezkaritza da Euskal Herrian.
Assalam meskita kuota eta dohaintzen bidez finantzatzen da. Halaber, bere zuzendaritza saiatzen ari da, Allah bitarte, islamiar proiektu anitza garatzea bermatuko duten dirulaguntzak. Alhamdulillah, gure alabantza oro Allahrengana doa, Bilbon proiektu hori gauzatzen ari da.

0 comentarios: